XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. ARIKETA OSAGARRIAK Eskema eta laburpena lantzen

Pako Aristiren Euskal Kantagintza berriaren jaiotza, 1960ko hamarkadan izenburudun saio interesgarria landu behar duzu ikasgai honetan.

a) Egizu lehenengo testuaren eskema.

b) Ondoren, molda ezazu laburpena.

EUSKAL KANTAGINTZA BERRIAREN JAIOTZA

Euskal Kantagintza Berria deitu izan den mugimendu kulturalaren hasiera 1961ean koka daiteke.

Ipar Euskadiko mediku batek, Michel Labegueriek, disko bat eman zuen argitara, lau kantu zeuzkan disko txiki bat.

Kontrabandoz heldu ziren diskoak Hego Euskal Herrira arrakasta handia lortuz.

Hurrengo urteetan beste bi disko txiki atera zituen Michel Labegueriek, baina artean ez zen jaialdirik egiten inon eta bere horretan utzi zuen Labegueriek kantagintza.

Sua biztua zegoen, ordea.

65ean Benito Lertxundi deitzen zen Orioko erloju konpontzaile batek kantu sariketa bat irabazi zuen.

Mikel Laboak deitu egin zion, bilera bat egiteko asmoz.

Lehen bilera hartara Lourdes Iriondo ere joan zen, eta han sortu zen elkarrekin abesteko asmoa.

Jende gehiago hurbildu zen gero taldera eta kolektibo bat osatu zuten, Ez dok amairu izenekoa.

Oteiza eskultore famatuak sortu zuen izena.

Xabier Lete eta Antton Valverde ere taldean zeuden.

Michel Labeguerie.

Elkarrekin lanean hasi ziren, kantak egiten, euskal kantutegi zaharra aztertzen, bide berriak nondik ireki zitezkeen deliberatzen.

Diskoak grabatzen ere hasi ziren.

65ean Mikel Laboak, 66an Lourdes Iriondok, Benito Lertxundik ere urte berean, eta horrela gero eta gehiago.

Asko saltzen ziren diskoak eta jaialdi ugari ematen zituzten.

Jendeak gogo onez entzuten zituen kanta berri haiek.

Gero letrak eskuz kopiatzen zituen jendeak eta etxean ikasi.

Politikoki sasoi gogorrak ziren.

Madrideko Gobernuak euskara baztertu eta zapaldu egiten zuen.

Euskal Herrian horren aurkako jarrerak sortu ziren.

Zentsura zorrotza zegoenez arlo guztietan, kantariak izan ziren egoera hori salatu eta aldatzeko mugimenduaren buruak.

Kontsigna politikoak eta metafora sozialak abesten zituzten, eta jaialdietan jendeak Euskal Herriaren aldeko oihuak botatzen zituen.

Esan dezagun kantagintza berriaren sorreran jarrera politiko nabarmen bat dagoela batetik, eta kulturala bestetik.

Jarrera politikoa Frankismoaren kontrako mugimendu bat izatetik zetorkion.

Jarrera kulturalaren barnean euskal kantutegi zaharra ikertzea eta berreskuratzea zegoen, euskal tradizioko kanta berriak egiteko.

Ez dok amairu taldeak ospe handia hartu zuen.

Bartzelonan abestu zuten, Frantzian ere bai, eta arrakasta handia lortu zuen muntaia eszeniko bat ere antolatu zuten, Baga biga higa izenekoa.

1971ean disko doble bat grabatzea pentsatu zuten guztien artean.

Grabazioak eginak zeuden, baina eztabaida sakonak sortu ziren taldean.

Guztiak ez zeuden ados.